Enrique Zuazua

Enrique Zuazua

Humboldt sariarekin ikerkuntzan egin duen ibilbidea aitortua ikusi du Zuazuak. Maite dituen matematikei eta ikerkuntzari buruz mintzatu da Zazpika-ko Con-Ciencia ataleko kolaboratzailea, GARAren galderei erantzunez. Bere iritziz, mundu mailako zientzia sistema garatu behar dugu, eta emankorra eta orekatua izan behar du.

Enrique Zuazua (Eibar, 1961), Matematika Aplikatuetan doktorea EHUn eta Parisko Pierre et Marie Curie Unibertsitatean. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedraduna ere bada. Ikerbasqueko ikerlaria da 2008tik eta BCAMeko zuzendari zientifiko sortzailea izan da 4 urtez. Ikerkuntzako dedikazioagatik Humboldt saria jaso du.

Zertan ari da Enrique Zuazua, zer ikertzen ari da?

Urte sabatikoan nago. Beraz, Ikerbasque eta BCAM Basque Center for Applied Mathematics-eko ikerlaria izanik (Madrilgo Unibertsitate Autonomoan zerbitzu komisioa mantentzen dut), lehen seihilekoaren gehiengoa Parisen eman dut Jacques Louis Lions Laborategian, eta bigarren honetan Tolosan (Toulouse) dihardut CIMI (Centre International de Mathématiques et Informatique) zentroko katedra bateko ekimenak aurrera eramaten.

Duela lau urte, ERC European Research Council-ek proiektu handi bat eman zigun, `Numeriwaves’ delakoa, `Advanced Grant’ deialdi ospetsuan. Eta urte hau dugu azkena. Beraz, aukera bikaina dut aurten han agindutako helburuak biribiltzeko. Proiektuaren gaia uhinak dira, horien hurbilpen numerikoa eta kontrola. Eta aplikazio anitzak ditu, bai industrian, bai teknologian, bai eta beste zientzietan ere. Baina, nahiz eta matematika oso indartsua izan, ezin ditu gure bizitzako arazo guztiak konpondu. Einstenek esaten zuen `Kontuan izan beharreko (garrantzizkoak diren) gauza guztiak ezin direla kontatu (zenbatu)’. Adibidez, azken bolada honetan gure kostaldean izan ditugun itsasoko olatuen kontrako ekarpenik ezin dugu egin, horien eragin eta hondamendia ekiditeko. Galileok esan zuen `Natura Matematikaren hizkuntzan idatzita dago’, eta hala da baina, batzuetan, natura matematikaren gainetik pasatzen da, olatuek kaietako hormak gainditzen dituzten bezala.

Humboldt Ikerketa Sariak zer garrantzia du ikerlari batentzat eta zer ekarri dizu zuri maila pertsonalean?

Sariak beti dira ongi etorriak eta bereziki Humboldt Fundazioaren prestigioa duen instituzio baten eskutik bada. Baina honela gertatzen denean ez da pertsona batentzako saria izaten, talde edo sistema oso batentzakoa baino. Leioan ikasi nuen karrera duela 30 urte. Han eman genituen lehen pausoek gaurko sari honetara ekarri gaituzte nahi gabe, jakin gabe. Eta bidean, hainbat kide, irakasle eta ikaslerekin egin dut lan gure unibertsitatearen leloa zabalduz: `Eman ta zabal zazu’. Zoritxarrez, Espainian sortu den unibertsitate sistemaren barnean, eta gurea ere hor barruan dagoenez, nazioarteko ibilbide hauek ez dira askotan errekonozitzen. Halere, ziur nago etorkizunari begira, `Gernikako Arbola’ olerkiko bertsoa den leloa barneratuago izango duela gure gizarteak. (…)

Elkarrizketa osoa GARA egunkarian argitaratu zen 2014/03/013 eta lotura honetatik deskarga daiteke