Eibarren jaioa, Matematika Aplikatuan Katedraduna da Madrileko Unibertsitate Autonomoan. Ikerbasqueko ikerlaria egun zuzendari zientifiko sortzaile gisa aritzen da Basque Center of Applied Mathematics Bilboko zentroan. Sari ugari jaso ditu bere ibilbidean eta orain Lorraineko Unibertsitateak (Estatu frantsesa) Honoris Causa doktore izendatu du. Datorren ostegunean, hilak 9, egingo da izendapen ekitaldia Metz hirian.

“Matematika: etorkizunerako leihoa” hitzaldia eskainiko du Honoris Causa doktore izendatzean. Aurrera begira jartzearen beharraz mintzo da behin eta berriz, hausnarketa premiaz. Euskal Zientzia Sistema sortzea edo ber-sortzea oinarrizkoa jotzen du eta bide horretan bikaintasunezkoa izango den euskal doktore eskola internazionala sortzea proposatzen du: «Doktoreen trebakuntzan, euskal ikuspuntutik, hamar zientzia arlo garrantzitsuenak aukeratzea da niretzat gakoa. Horiek izango lirateke gure zientziaren aitzindari nagusiak», nabarmendu du. “Euskal zientzia harri eta egurrezko eskultura bat izan behar du, ez hormigoizko eraikin bat.”

Sari eta errekonozimendu ugari jaso dituzu, zein zapore du Lorraineko Unibertsitatetik iritsitakoak?

Bai, berezi sentitzen dut. Aurretik jaso ditudan sariek egindako zientzia errekonozitu dute. Honoris Causa doktore izendatzeak, bere izenak adierazten duen moduan, ohore orokorragoa suposatzen du. Ibilbidea, pertsona, pertsona horrek bere inguruan utzi duen kutsua, besteenganako eragina… aitortzen ditu. Frantziatik datorrelako ere hunkigarria da. Ni hemendik 1984an irten nintzen eta Frantzian ikasi nuen. Gero urte asko Madrilen eta Bilbon igaro ditudan arren, nire lana, neurri handi batean, Frantziako giroarekin, taldeekin eta ikasleekin landu izan dut. Matematika alorrean herrialde nagusienetarikoa da eta matematika aplikatuaren aitzindarietako bat. Horrek beste balio bat ematen dio errekonozimendu honi.

Ekitaldian “Matematika: etorkizunerako lehioa” hitzaldia eskainiko duzu.

Egungo gizarteak bi zutabe ditu: hizkuntza eta matematika. Horiek dira gizakiok osoturiko gizarte izatearen ezaugarri nagusiak, hain justu. Honaino ekarri gaituzte eta aurrera begira ere garrantzia izango dute. Aurrera begirako ariketa hori egitea gustuko dut. Bi arazo nagusi aurreikusten dira: bata, hizkuntzak nola bilakatuko diren jakitea; eta bestea, zientziaren aldetik zein ekarpen egingo den eta hark zer eragin izango duen ezagutzea. Gai ugari daude matematikaren leihotik etorkizunera begiratzeko eta denak euskal gizartearengan eragin zuzenekoak.

Aurrera begira jarri behar da?

Askotan, nahi gabe, beste lekuetan egiten dena errepikatzeko joera dugu, baina herri txikiagoa garenez, neurri txikiagoan. Euskal Zientziaren alorrean bada zeregin garrantzitsu bat, gure euskal zientzia jorratzea hain zuzen. Ez soilik bertako ikerlariek egiten dutena. Ez gara konturatzen, baina munduan zehar dabiltzan euskaldunek eragina dute gure herriaren irudian, beraiek dira gure enbaxadore eta, beraz, gure zientzia sisteman beraiek barneratzeko beharra dugu. Kanpainak egiten dira herri honen irudia goratzeko, baina herri baten irudia egunero jorratzen da eta jendeak gauzatzen du. Ez dut uste euskaldunok triunfalistak izateko arrazoirik dugunik, baina neurri handi baten etorkizuna gure esku dago, ditugun tresnak modu doi eta ausartean erabiliz. Ez diezaiogun gure erdi-porrota Madrili edo beste inori leporatu hemen antzekoa egiten badugu baina eskala txikiagoan.

Gure zientzia diozu, zein da edo zer izan beharko luke?

2008an hona itzuli nintzenean oso une interesgarria izan zen. Ibarretxe lehendakaria zela sortu ziren Innobasque, Ikerbasque… Beste proiektu batzuk ere bazituen Gobernuak eskuartean, baina horiek alde batera utzi eta kutsu politikoa alboratuta, apustu bat egin zen: hezkuntza akademiko, ikerketa eta berrikuntza goi-mailakoa sustatzea Euskal Herrian. Baina segituan Gobernu aldaketa etorri zen eta ez zen ideia lurrintsu horri forma emateko astirik izan; Euskal Zientzia zer den definitzeko aukera hori galdu genuen. Orain beste legealdi baten ekuadorrera hurbildu garen arren, antzeko gaude. Baina gure esku dago oraindik ere.

Nik hainbatetan proposatu dut bikaintasunezkoa izango den euskal doktore eskola internazionala sortzea. Argi dago unibertsitatean, arlo guztietako irakasle eta ikasleak egon behar dutela. Horretarako behar soziala bada eta erantzun egin behar zaio. Baina gurea bezalako herri txiki batean, doktoregoaren arlora heltzerakoan, ezin da danean aritu maila gorenean. Doktore mailan, demagun, hamar lerro garrantzitsuenak aukeratzea da niretzat gakoa. Horiek izango lirateke gure zientziaren aitzindari nagusiak. Horrek ez du esan nahi, noski, beste alorretan arituko ez ginatekeenik, baina horrek topografia gehiago emango lioke gure zientziaren mapari eta honela internazionalki ezagunagoak eta erakargarriagoak izango ginateke eta baliabide gehiago erakartzeko gaitasuna izango genuke, bai diru aldetik eta baita ikasleen aldetik. Akademiaren liga internazionala da gaur egun, alferrik da gure zilborrari begira aritzea.

Zeintzuk dira zientzia alorrean lehen lerroko jakintzak?

Puntako zientzia arloak finkatzea zaila da. Lekuan leku garrantzia desberdina dute, tradizio desberdinak izan direlako. Zientziaren espektro zabal horretan badira Nobel sariak eta hor ez da inoiz matematika sartu. Baina orain badugu Abel saria. Mapa horretan, sarritan, gizarte zientziak eta zientzia humanistikoak alde batera utzi dira eta hori akatsa da, gure bizitza behar duen existentzialismoaz hustu egin dugu eta. Gakoa zientzia exprimental ‘gogorren’ eta gizarte zientzien arteko oreka jorratzea da. Horregatik esan dut gizartearen zutabe edo euskarri nagusiak bi direla, osagarriak: matematika eta hizkuntza. Hortik aurrera beste denak.

Ukigarriak diren emaitzak ematen dituzten zientziek hartu dute nagusitasuna?

Bai, argi dago, eta matematika horrelako linbo batean geratzen da. Sofia Kovalevskayak esan zuen esaldi bat oroitu nahi dut. Hark zioen matematikariaren lana olerkilariarenaren antzekoa dela, sakonago begiratu behar duelako hobeto ikusteko. Nire ustez, matematikarion lana bikoitza da: alde batetik, oinarrizko zientziarekin gizartearen zimenduak jorratzen ditugu; eta bestetik, gainerako zientzia alorrei laguntzen diegu. Matematikarik gabe, izan ere, zientzia alor asko hustuko lirateke eta mundua bera ere bai, puxikak airea galtzen duenean bezala.

BCAM-k ere zientzia aplikatuaren aldeko apustua egin zuen.

Matematikaren esparru guztiak ezin ziren hartu. Apustu bat egin behar izan genuen eta matematika aplikatuaren aldekoa egin genuen. Helburua euskal teknologia, industria eta zientzia sistemaren beste katebegi bat izatea zen, ez zentro isolatua.

Ukigarritasun premia horretan ez duzue presarik presiorik sentitzen?

Arlo guztietan dago presa. Gaur egun internetez mezu bat iritsi eta unean bertan erantzuten ez baduzu, zerbait pasa zaizula pentsatzen da. Ordea, zientziaren mundua astiro doa; zientzialariak barraskiloen parekoak gara, ez gara arinak. Denbora behar dugu eta gure lana urte askotara loratzen da. Presioa sentitzen dugu eta gurpil horretatik ihes egitea zaila da. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak gure zientzia finantzatzen du eta horretarako Legebiltzarra konbentzitu behar du zientzian beste arlo batzutan baino lehenago inbertitzeko, eta horretarako argudioak behar ditu. Gaur egun zenbakiak dira argudiorik onenak eta zenbakien morroi bilakatu gara. Zientzia sakona egiteko orduan presio hori ez da ona; sakon begiratzeko denbora behar da eta.

Denbora… eta dirua. Zientziaren alde apustu sendoa egiten da?

Jende askok uste zuen egungo Gobernuak zientziaren aldeko apustua egingo zuela eta orain sei urteko asmo haiek modu sakon batean berrikusiko zituela, ahal den neurrian politika kutsua kenduta, baina euskal perspektiba argi batetik abiatuz. Posible da zientziaren inguruko hausnarketa egitea herri gisa, politika tartean egon gabe. Eta legealdi honen laster hasiko den bigarren erdian egin beharko litzateke ariketa hori. Euskal Herrian dauden alderdi guztiek edo gehienek ulertzen dute euskal zientziak merezi duela begirunea.

Zergatik?

Ez diot errua inori leporatzen, sistemaren morroi gara eta gobernuak aldatzen dira, iristen dira aurrekontuak, autezkundeak, … Etorkizunera begira hauznarketa sakona baino, zientziaren egungo premien kudeaketa kosmetikoa egiten da. Eta honela doakigu, urteak joan, urteak etorri… Adibidez, aspaldiko eskakizuna da Espainiako Zientzia Agentzia sortzea, AEBetan dagoen ereduari jarraiki edota 2007an Europan sortu zen European Research Councilen gisara. Politikak eta politikaren administrazioak duen egutegia ez dator bat zientziak duen atenporalitatearekin. AEBetan, National Science Fundationek zientzia kudeatu eta zaintzen du eta etorkizunera begiratzen du. Zientzia ezin da kudeatu eguneko beharrak eta zuloak tapatu nahian. Horrek gainera gardentasun faltaren kutsua uzten du. Eta orain ohartu ez arren, goi mailako zientziak kontestu lurrintsu horietatik ihes egiten du. Hemendik urte batzutara ohartuko gara eta gogoraziko digute.

Etorkizunari begira, zer iritzi duzu hezi eta kanpora joan behar duten ikerlarien inguruan?

Egungo gobernuek zailtasunak dituzte benetako arazoak aztertzeko, sakonki, patsadaz, etorkizunera begira. Demografia eta gazteen etorkizuna seguruenik gaur egun Euskal Herriak dituen gai kezkagarrienetarikoak dira eta oso gutxitan aipatzen dira. Herri baten etorkizuna gazteengan dago eta guk jendea trebatzen dugu eta ez diogu irtenbide bat ematen. Egoera kontraesankorrekin egiten dute topo zientzia trebatutako gazteek. Inoiz baino gehiago euren beharra dugu, zientzia eta konputazioan trebatuta daudelako eta bertako industriaren gaineko ezagutza dutelako; baina ez dago eurentzat tokirik, orain 20 urte kontratatutako jendeak erretiroa hartu arte itxaron behar dutelako, beste 15 edo 20 urtez.

Benetan pena ematen didaten egoerak daude; bada itzuli nahi duen jende bikaina eta ezin duena. Gure sistemak eskaintzen dituen postuak urriak dira eta lehiaketa irekian banatzen dira, askotan arintasun gehiegiz, bizi guztirako postuak eskeiniz beste leku batzutan lortzerik ez dutenei. Ez dut uste hori izan behar duenik euskal zientziaren estrategia baliabideak erakartzeko orduan. Gutxiegi gara gure apurrak munduan zehar sakabanatzeko eta hemen inoren arazoak konpontzeko. Etorkizunak esango du, baina gure kulturak, hizkuntzak, nortasunak ez dut uste horrekin irabaziko duenik. Horren inguruan gogoeta egin behar da, ez agian dugun guztia goitik behera aldatzeko, baina bai herriaren etorkizuna, osotasunean, kultura barne, kontuan hartuko duen plangintza bat egiteko.

Herritarrekiko gertutasuna garrantzitsua dela esana duzu, behar adina esfortzurik egiten da dibulgazioan?

Egiten dugu dibulgazioa, baina norberaren konpromisoaren arabera. Zientzilariok, hemen eta han, urtero ez bada, hiru urtez behin ebaluatuak izaten gara eta horrek eragina izaten du gure karreraren bilakaeran, jasotzen dugun diru laguntzetan, baliabideetan… Ebaluatzeko irizpideen artean argitalpen zientifikoak ez ezik, dibulgazioa sarituko balitzateke, saialdia bestelakoa izango litzateke. Ebaluaketa sistemak berrikusi behar dira. Euskal zientzia ebaluatzeko orduan betiko irizpideei jarraituz egiten da. Horrela oso zaila da zientzia sistema berri bat sortzea. Bide berbera jarraituz zaila da tontor desberdinak gainditzea. Berria da gure sistema, bai, bulego berriak erabiltzen dituelako, berria da diru berriak erabiltzen dituelako, berria da jende berria etortzen delako… baina ez da berria desberdinak diren gauzak egiten dituelako eta herri honi forma desberdina ematen diolako. Azken horren behar galanta dugu. Euskal Herria ez da aurrera aterako beste herrialdeen erreflexu txikitu bat gisa. Ordua da, hortaz jabetuz, ziaboga egitekoa.

Maider Eizmendi Gara egunkariko kazetariak Enrique Zuazua matematikariari eginiko elkarrizketa. Urriak 5, 2014