Zer dira zenbakiak? Ba ote dute euren izaera edota  bizitza propiorik?

Lehenengo erantzuna behereala datorkigu gogora: Noski ezetz!

Baina pentsa dezagun hobeto, lasaiago. Ez ote da zenbakiekin fikziozko filmetan gertatzen dena gertatuko? Animaziozko film horietan betidanik geldi eta hilda ikusi ditugun jostailuak, nola euren kabuz piztu eta higitzen hasten diren ikusten dugun bezala, bizidunen mundura salto eginez, ez ote dute zenbakiek bizitza ezkutu bat izango, gizakiok nabaritu eta ikusi ezin dugunik? Ikusezin hori ez ote da gizakiaren harrotasunak ekartzen digun itsutasun horren ondorio?

Gaurko saioa gai hau aztertzen emango dugu: zenbakiak. Betilez, edozertan aritzeko modurik onena adibide baten bidez da, saiatuz. Aztertu dezagun beraz, zenbaki konkretu bat. Bost-a hain zuzen ere.

Gaurko saioa 5 zenbakiari eskainiko diogu. Noski, beste zenbaki guztiek horrenbeste merezi dute baina beste baten izango da agian.

Baga biga higa, laga, boga, sega,…

Honela zioen Mikel Laboaren abestiak eta bere ahoan zenbakiak fluido biziak bihurtzen ziren.

Bosta boga da eta “boga-boga marinela” dio abestiak, itsas barrenetik datorkiguna, euskal kostatik urrun. Itsasoa, barea zenbaitetan, bortitza beste askotan. Bost zenbakia ere antzekoa da, badu bai bere izakera berezi xamarra.

Baina,  nolakoa da 5 zenbakia? Apala, harroa, bortitza, alaia, bizia, argia, motela, astuna, askea, ausarta…?

Nolanahi ere, bost-a zenbaki bat da. Zenbakiak gizakiaren eraikin intelektual handienetarikoak dira. Gauza sinpleak aztertzeko eta kudeatzeko sortu ziren  lehenik: komertzioa adibidez, kontatu beharra, saldu, erosi eta ordaintzeko. Baina gaur egun gizarte berriaren oinarri ekidinezin bihurtu zaizkigu zenbakiak: telekomunikazioak, garraioa, biologia, medikuntza, gizartearen antolaketa….

Zenbaki guztien artean hor dira lehen-lehenik zenbaki osoak: bat, bi, hiru, lau, bost… Eta berauen artean bost-a, berezi. Zergatik?

Abderako Protágoras-ek (485-411 Kristoren aurretik) zera esaten zuen: Gauza guztien neurria gizakia da. Protágoras jakitun nomada bat zen, Grezia Zaharrean aholku ematen joan ohi zena herriz herri, behar zutenen deiei erantzunez, beraiei zerbitzua ematera hainbat alorretan .

Zenbakien  artean gizakiarekin zerikusi gehiena duenetarikoa bost-a da. Bost behatz ditugu oinetan eta  beste hainbeste atzamar esku bakoitzean. Bost dira gure zentzumenak. Eta Leonardo da Vinci-k  (1452-1519) eginiko gizakiaren margo ospetsu horretan ere, (Vitubrioko gizona) bost dira gure gorputzaren adarrak, izarrak balira bezala: burua, bi beso, bi hanka. Loreek ere bost atal dituzte: erroak, lorea, fruitua, zutabea, orria… Erlijioetan ere, bost joera nagusi daude: Kristautasuna, Musulmana, Hinduismoa, Judaismoa eta Budismoa. Naturako elementuak ere bost dira: airea, ura, sua, lurra eta eterra.

Bost dira esku bakoitzeko atzamarrak eta baliteke horregatik izatea bost-a hain berezia guretzat. Bosnaka zenbatzea askoz ere errazagoa suertatzen baitzaigu. Izan ere, honela egiten dugu lurrean, aretan margotuz, bat, bi, hiru, lau lerro zuzen bertikal margotu eta bosgarrena heltzean, diagonal batekin multzoa gurutzatu, bostekoa osatzeko.

Beste modu askotan ere dugu gertuko zenbaki bost-a. Adibidez bost dira olinpiadetako eraztunak. Audi kotxe famatuak, lau eraztun soilik dituen arren, kotxe gehienak bost atedunak dira.

Pentagonoaren eraikina ere denok ezagutzen dugu. Kasualitatea al da hainbesteko boterea bere barne gordetzen duen eraikina egiteko, pentagonoa, hau da, bost alde dituen poligonoa, aukeratu izana? Hori gutxi balitz, Pentagonoko eraikinak 5 solairu ditu. Bertan 30,000 lagunek egiten dute lan, hiri oso batek. Baina mutur batetik bestera joateko inoiz ez dira behar 7 minutu baino gehiago. Hori da beraz pentagonoaren ezaugarria. Barruan gordetakoa anitza eta handia den arren, barneko distantziak laburrak mantendu egiten dira.

Baina baditugu gugandik hurbilago diren pentagonoak ere. Izan ere Iruñako hiri zaharreko hormak bost dira, pentagono bat osotuz. Baina oraingoan ez dirudi pentagonoa euskaldunok asmatu genuenik…

Collage edo puzzle baten antzera, pentagono txikiak bata bestearen inguruan jartzen baditugu, hainbeste diru mugitzen duen, eta ikaragarrizko pasioa sortarazten duen esfera borobil hori osatzen dugu. Euskal Herrian oraindik ez dugu euskal selekziorik, baina zaleak, izan, bagara.

Sagarren muinak, bihotzak,  bost adarreko izar bat gordetzen du bere baitan,  euren sasiek honela antolatu baitute euren burua,  eta naturan sarritan azaltzen zaigu pentagonoa. Pentagonoaren dimentsioak urrezko zenbakiaren proportzioak betetezen dituzte. Baina Fibonaccik asmaturiko zenbaki honi buruz, zenbaki aureoa edo urrezkoari buruz hain zuzen,  beste egun batetan arituko gara.

“Bost axola” esaten da euskaraz, eskumutur bateko bost behatzak, ukabila batenak, nahiko bait dira zerbaiti uko egiteko, norbaiti betiko agur esateko, ate bat ixteko. Besarkada bat emateko bi beso behar direla esaten da eta ordea ostikada bat emateko oin bat nahikoa dela. Oin batek ere, bost behatz ditu.

Bost-a gora, bost-a behera….

Erromatarren garaian bosta V-a zen. Eliza zaharren data, normalean zenbaki erromanoz idatzita egoten da. Eta ariketa interesgarria izaten da berauek irakurtzen saiatzea. Orduan konturatzen gara egungo kontatzeko modua, sistema dezimalaren bidez, oso erosoa eta erabilgarria dela, eta horretara heldu arte gizakiak mendeetan zehar matematika landu beharra izan duela.

Antzeko suertatzen da gure gizarte honetako gauza askorekin. Gaur errazak direnak, etxeko atarian ditugunak, gizakiaren historian pausoz pauso landutakoak dira, izerdi askoz.  Min dugunean ospitalera eta farmaziara jo eta sendatu, telefonoa hartu eta deitu, klik eta argia piztu, kotxea martxan jarri eta bagoaz, ura beti iturrian … Eta gehienetan konturatu ere ez gara egiten.

Bost zenbakia bidaiaria da, saltaria, ausarta, xakeko zaldia bezala. Bost gehi bost hamar, gehi bost hamabost eta honela beti, bost gehituz, zeroz edo bostez bukatzen diren zenbakiak burutzen ditugu. Izan ere, zenbaki bat bosten bidez zatitu daiteken ikusteko erraza da. Azken zenbakia begiratu eta ea bosta edo zeroa den ikusi. Adibidez, 40 zati 5, 8 dira, 40 zeroz bukatzen delako. Ordea 47 zati 5…

Bost bide erdian dago, zero eta hamarren artean, beraz nahikotasuna, oreka adierazten du. Zenbaki demokratikoa dugu bosta. Eskolako azterketak gainditzeko bost ateratzearekin nahikoa da eta astean zehar bost egunetan egiten dugu lan. Bosgarrena ostirala da, egun alaia.

Kotxeek bost ate dituzte ia beti eta txanponen artean bostekoa beti dugu. Bost zentimo gaur egun, bost pezetakoa lehen. Ogerlekoa esaten genion euskeraz, hogei erreal, hain zuzen ere, peseta bakoitzak lau erreal balio zituelako. Izenak berak aitortzen du jatorria ez dela oso errepublikazalea.

Lehen bost urteekin eskolara joaten ginen lehen aldiz. Gaur ordea, tamalez, askotan, bost hilabeteekin ere umeak haurtzaindegian dira, gurasoak lanera joan daitezen. Eta hala ere ekonomia aldatz behera. Merezi ote du?

Musikan ere pentagrama erabiltzen dugu.

Hitza bera polita da: bost.

Bost entzun ondoren isiltzeko gogoa sentizen  dugu.

Bost!