San Andres berriz, urtea bukatzear dagoenaren seinale.
Eta aurtengoa gertakariz jositakoa izan da. Lurraren biraka abiadura betikoa da, baina lurrazalean geroz eta abiadura gehiagoz bizi gara den denok.
Izaniko gertari batzuk media guztietan hainbat lerro eta ordu bete dituzte: Erresuma Batuan Brexit-aren alde bozkatu zuten hiritarrek, Kolonbian bake-itunaren kontra, Estatu Batuetan, duela egun batzuk, Trump-en alde.
Eta guzti hauetan azkenean gertatukoa aurreikuspenen kontrakoa izan da. Gure izaeraz bultzaturik, zentzuzkoena dena iruditzen zaigu beti aurrera atera behar duela. Baina ez da horrela, tamalez, ez eskala txikian, ez eta mundu mailako auzi hauetan.
Prospekzio inkesten profesionalak ere sarritan erratu dira hauteskunde eta erreferendum hauen emaitzak aurreikustean.
Zientzia aurrera doa arlo guztietan. Inoiz baino tresna hobeak ditugu. Baina ez dugu asmatzen. Zergatik? Agian jendeak ez du, ez dugu, zintzoki erantzuten egiten dizkiguten inkestei. Mesfidantza ugaritu da gure gizartean eta horrek ez dio ohizko inkestei laguntzen.
Gaur egun, sarritan, sare sozialetan gardenago agertzen dira gizartearen pultsua hartzeko behar diren datuak. Han, ordenagailu edo sakelako pantaila nano baten aurrean, sarritan, erosoago azaltzen dugu gure benetako gogo eta asmoak, inork galdetu gabe. Informazioaren gizarte berriaren paradoxa galanta. Internetek ez ditu soilik gure eguneroko ohiturak aldatu baizik eta, bereziki, gainera, gizartearen espresiorako plataformak.
Gaur egun hitzek ez diotena, sarean bildutako datuek aitortzen dute. “Big data” arlo eta jardun zientifikoa derrigor pil-pilean egon behar. Nola ez. Nola bestela egunero garen milaka miloi gizaki guztiek sortzen ditugun datuak antolatu, aztertu eta erabili?
Datuen garaian bizi gara, nahi edo ez, gau eta egun.
El artículo fue publicado originalmente en la revista…eta kitto! el 2 de diciembre de 2016, y puede descargarse desde este enlace.