Iraganaren morroi gara, arlo guztietan, onerako gehienetan, iturri hortatik ikasten eta edaten baitigu, iturri zaharretik, beti ur berria, Joxean Arzek esan zuen bezala. Baina batzutan morroitza hori kaltegarria ere suertatzen da, ohitura zaharrek bide berriei uko egiteko tentazioa areagotzen dutelako.
Nolanahi ere, nostalgiarik gabe, iraganeko errautsetan oinarrituz, oraina eraldatzeko beharra dugu, etorkizuna jorratzeko, arlo guztietan eta bereziki goi hezkuntza eta ikerketa sistemari dagokionez.
Gure kultura zaharra izan arren, gure hizkuntzaren egiturak eta jatorri ezezagunak adierazten duten bezala, goi hezkuntza eta ikerketaren arloetan gazteak gara.
Euskal Herriak, dudarik gabe, badu Europan bere txokoa eta toki hori ezagutzaren mapan irudikatzeko aukera dugu. Baina, horretarako, gure sistemaren gaztetasun hortatik abiatuz, heldutasunerako bidea ibili beharra dugu, denborarik galdu gabe.
Gizarte gisa behar hori barneratu behar dugu, kalitatezko goi hezkuntza eta ikerketa sistema garatu bat ez baita beharrezkoa soilik gizarte aurrerakoi, bidezko eta orekatuago bat sortzeko baizik eta era berean, eta bereziki, gure kulturaren dike babesle izateko. Gure herriaren muga birtualak ez gaitu babeztuko kulturak xahutzen dituen globalizazioaren ekaitzetik. Sortzaileak, eraginkorrak izan beharko gara gure euskal kulturaren baratzea bizirik mantentzeko.
Beraz, gaur egun, lehendabizi, euskal hezkuntza eta zientziaren ametsa berpiztu beharra dugu. Horren bideragarritasunean sinestea ez da nahikoa, baina beharrezkoa bada, bai horixe.
Eta sinesteaz gain, ametsa errealitate bihurtzeko, ausardiaz jokatu beharra dugu. Eta ez dago aitzakirik ez saiatzeko.
Gure gazteei trebakuntzarik onena eskeini behar diegu. Eta kezkatzekoa da geure sistemak erakusten duen nekea. Bikaina izan ote ahal da norberaren hizkuntza sendotasunez irakasten ez duen sistema?
Hizkuntza eta zientzia dira gaurko gizartearen oinarriak. Alfabetizazio aberatsik gabe, nekez gauzatuko dugu gure Europango txokoa.
Zientzian, bigarren ikasgain, ere badugu zer egina. Ez ote diogu ume eta gazte bakoitzari aukerarik onenak eskeini behar? Laguntza berezia behar dutenek gure sisteman aurkitu behar dute. Baina gaitasun handikoak direnek ere hemen izan behar dute berain bidea.
Etorkizunaren bidean ikerlari onenak behar eta nahi ditugu, bai, baina lehendabizi geureak, euskaldunak.
Zientzia sisteman inbertsio berriak egin behar dira, bai, baina gardentasunez, erantzunkizunez. Egungo sistemaren agenteak ez dira, ez gara baliabide publikoen jabe eta jauntxo, sistemaren zerbitzariak baino. Alferrikan proiektu berriei ekin aurrekoak ez baditugu zaintzen eta burutzen. Ditugun baliabideekin gehiago egin ahal da eta egin behar dugu.
Txikiak garelako asmatu beharra dugu. Handiak, bere erraldoitasunean, erratzearen arriskua hartu ahal du. Guk ez.
Ezinezkoak direnak ez baditugu jazartzen posible dena ez dugu lortuko.
Gara egunkarian argitaratuta, 2014.eko Abenduaren 31an