Diotenez, matematikariok pixka bat eroak gara. Baina nire ustez, zenbakiak dira gutiz eroturik dabiltzenak azken garaiotan.
Krisiari buruz egunero entzun eta irakurtzen dugu: irratian, telebistan, egunkarietan, Interneten, … Eta honek gure bizitza, inoiz baino gehiago, zenbakiz bete du. Gainera, oraingoan, askotan, ohituren kontra. Adibidez, prezioak edo salneurriak, aspaldian gertatu ez dena ari da gertatzen, beherantz doaz. Ia ezinezkoa dirudi horrenbeste urtez inflazioarekin bizi ondoren. Beti gorantz egin duenak nola egin dezake beherantz ustekabean? Oraingoan horrela da. Errepidean mendira bizikletan igotzean ere batzutan hau gertatzen da eta orduan ere eskertzekoa izaten da: hainbat kilometro gorantz etengabe eta han zelako zortea, ustekabean, aldatz beherako tartetxo bat agertzen denean. Arnasa hartu, gorputza luzatu, ura edan, eta berriz ere maldan gora ekiteko indarrak berreskuratu.
Salneurriak beraz, beherantz doaz. Honek hasiera batean berri ona dirudi. Baina benetan ona ote da? Ez al da izango gaixoak bezala pisua galtzen ari garela? Osasuntsu ginenean kendu ezineko kilo horiek nola desagertzen dira lurruna bezala? Salneurrien beherakada ez ote da izango gure ekonomiaren gaixotasunaren seinale?
Esaten genuen bezala, badirudi, garai honetan, krisia dela eta, zenbakiak erotu egin direla. Hainbat kontraesan gertatzen ari dira eta ez soilik salneurriekin.
Beste adibide bat, zenbakiekin lotuta oraingoa ere: banketxeek eta kutxek diru maileguak eskatzean etxea erosteko, inoiz baino interes gutxiago ezartzen digute. Primeran, dirua merke beraz, aspaldi honetan. Horrelakoetan hipoteka bat dugunok, hilero pixkat gutxiago ordaindu behar dugu. Ez dago txarto. Baina, eta gaur egun mailegua eskatu behar dutenek nola bizi dute guzti hau? Lehen aldiz orain etxea erosi behar dutenek? hauentzako, nahiz eta hipotekak merkeago izan, askoz ere zailagoak dira lortzeko. Kutxek ez dute duela bi edo hiru urte direla bezala erraztasunik ematen hipotekek sinatzeko. Orain baldintza mordoa eskatzen dituzte. Lan finkoa, soldata potoloa, eta dena lehen baino kreditu txikiagoa emateko, eta ez gainera lehengo arintasunarekin. Badirudi banketxe eta kutxen kutxak erdi hutsik direla.
Hori ere kontraesana, ez? Ez da harritzekoa, azken urteotan bizitako globo edo puxikaren ondorio bezala, gaur egun kutxek ustekabeko etxe poltsekin geratu dira. Izan ere, askok eta askok, lana galdu, hipoteka ordaindu ezin eta zer erabaki dute? “Kutxari etxea itzuli eta kitto”. Hori bai joan-etorri bitxia. Gurasoen etxea utzitako batek baino gehiagok bueltan etorri behar izan du erositako etxea ordaintzerik ez zuela eta…. Honekin ere etxeen salneurria beherantz doa. Hau baita berria, ematen baitzuen, adina bezala, etxeen prezioak beti gorantz jo behar zuela, horrela izan baita hainbat urtetan zehar. Baina dinamika hau ere eten egin da eta oraingoan beherantz doaz prezioak. Ea ba egia den eta guztioi errazten zaigun nahi eta behar dugun etxea lortzeko bidea.
Ondo pentsatuz gero, norentzat zen ona etxeak horren garesti izatea? Ez, bada, jende arruntarentzat. Agian etxeen salmentan zebiltzenen espekulatzaileentzat izango zen abantaila, baina ez kaleko jende arruntarentzat. Zoritxarrez badira batzuk ere kasinoan bezala, berandu hasitako espekulatzaileek, diru piloa galdu dutenak. Baina, azken batean, normala dela ematen du, ezta? Batzu horrenbeste irabazteko, beste batzuk galdu egin behar dutela, ez? Fisikan, energiarekin gertatzen den bezala, dirua ez da agertu eta desagertzen, eskuz aldatu baino.
Baina, azkenean badirudi esnedunaren kantina apurtu dela. Eta zenbat esne galdu dugun gainera! Goitiberan bezala beraz, zenbakiak beherantz, krisialdian, goitik behera, kontrolik gabe.
Beste zenbaki batzuk ordea gorantz doaz. Langabezia adibidez. Hilero-hilero gorantz, mugarik gabe ematen du gainera. Espainian ia %20a. Euskal Herrian, zorionez, zenbakiak askoz ere txikiagoak dira. Baina hemen ere kontuz ibili behar dugu. Gainera haintzat hartu beharra dago lanik gabe dauden asko ez daudela langabetuen zerrendatan, aspaldi erabaki zutelako, aurreko krisialdietan, lan egiteko zailtasuna izango zutela. Zenbat familia daude beraz langabetuekin? Eta zenbat egoera larrian, inor lanean egon gabe? Eta gauzak hartu dituzten salneurriekin nola aurrera atera lanik egin gabe? Nola ordaindu etxea, argia, ura, berogailua, janaria, umeen eskolak…?
Baina langabezia ez da gorantz doan bakarra krisialdi honetan. Baita zergak ere. Izan ere, Zapatero presidenteak arin egin ditu kontuak. Langabetu gehiago eta beraz berauei ordaintzen ustekabean, diru gehiago behar dute, estatuko kutxa handian. Bestalde, krisia dela eta, aktibitate ekonomikoa beherantz doa. Horretan zerga askoz ere gutxiago batzen direnez, beste hainbat batu behar dira beste modu batzuk erabiliz. Asmatzea ez zen horren zaila: trafikoko multak, errenta igo, BEZ (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) e.a.
Ez da horren zaila asmatzea. Txikiteoan ibilitzeko orduan bezala. Horrenbeste gara, hainbat diru behar da guztira, beraz, bakoitzak honenbeste ordaindu behar. Garai honetan ez da erraza ez txikiteoan ibiltzea ere. Eta gero esaten duten txikiteoaren ohitura galtzen ari dela. Jar dezatela ardoaren salneurria merkeago eta nabarituko da arin beherakada.
Lehen esaten zen bezala: Duroak edo ogerlekoak pezeta baten salduz gero … Baina, zoritxarrez, zenbakiak eroturik izan arren ez gara horretara heldu. Berrogeita hamar eurotako billeteak bost eurorekin erosteko gai izango bagina …