Enrike Zuazua Eibarren jaio zen 1961an. Leioan Matematikak ikasi zituen. 1984an Pariseko Pierre et Marie Curie unibertsitatera abiatu zen doktoretza egiteko eta 1988an lortu zuen. 1990etik Madrilen Matematika Aplikaturako katedraduna da Universidad Autónoma de Madrid (UAM) unibertsitatean. 2008tik 2015era klaseak eten zituen eta Ikerbasqueko irakasle gorena bihurtu zen BCAMen zuzendari zientifiko- sortzailea izateko. 

Argazkiak: Nerea Cubillo

Argazkiak: Nerea Cubillo

Azken urteotan hainbat sari irabazi ditu: 2006an Zientzia eta Teknologia arloko Euskadi saria, 2007an Julio Rey Pastor Sari Nazionala eta 2015ean Europako akademiako kidea izendatu zuten. Madrilen klaseak ematen ditu egun, ia astero Eibarrera bertaratzen bada ere. Euskalduna eta euskaldun zaharra da Enrike Zuazua, baita beste gauza asko ere.

Zeure blogeko aurkezpenean azpimarratzen duzu euskaldun zaharra zarela. Zer garrantzia du euskarak zeure bizitzan?

Nire gurasoak eta anai nagusia euskaldunak ziren. Garai hartan euskararen aldeko bultzada kontzientea hasi zen eta ikastolaren lehengo pausuak bizi izan nituen. Nire lehengo urte biak eskolan Eibarko ikastolan egin nituen Corrida plazako beheko lokal batean. Guardia Zibilaren kuartelaren pare-parean zegoen eta garaje antzeko batean kokatua. Gero ikastola Elgoibarrera mugitu zen eta bertara joan ginen Eibarko umeak. Neure garaian Eibarko guraso gehienak euskaldunak ziren baina askok ez zioten bere seme-alabei euskaraz egiten etxean eta neure belaunaldiko lagun batzuek beraien umeak ikastolara joan direnean inguruan entzuten zuten euskara “berreskuratu” behar izan dute. Nik suerte izan nuen, etxean eta inguruan euskararen aldeko kontzientzia bizi izan nuen eta txikitatik elebidun izan naiz.

Bloga bizi dugun eleaniztasun asimetrikoaren ondorio eta adibidea dela diozu. Zeure jarduna ere hala da?

Nazioarteko ekimen profesional batean euskara erabiltzeko aukera gutxi daude. Eskala kontua da: munduan euskaldunak 0,5 miloi bat gara, gaztelania dakitenak 500 miloi, ingelesez 950 miloi eta txinoz 1500 miloi dira. Matematikaren arloan ingelesa da nagusi, Espainian gaztelania askotxo erabiltzen da oraindik, adibidez, ministeriora proiektu bat bidaltzean edo Euskal Herritik kanpo klaseak edo hitzaldiak ematean gaztelaniara jotzen da. Baina bueno, ostiraletan Faktoria saioan Jon Sarasua, Felipe Juaristi eta Garbiñe Ubedarekin berriketan egoten naiz. Elkarrizketa zabalagoak dira: zientzia, hezkuntza eta gizartearekin zerikusia izaten dute. Biharko eztabaida (elkarrizketa joan den ostegunean egin genuen), adibidez, selektibitateari buruz izango da, egun hauetan bogan dagoelako. Azpimarra saioan ere hilean behin egoten naiz eta matematikaren esparruren baten inguruan aritzen gara euskaraz, baina matematika euskaraz nahiko eremu mugatua da.

Garan eta Deian ere idazten duzu, gaztelaniaz, baina.

Erraztasun gehiago daukat erdaraz idazteko. Eta Kitton zutabe laburragoak idazten ditut euskaraz eta, lehen esan bezala, telebistan eta irratian euskaraz jarduten naiz. Agian ez da nahiko baina babestuta sentitzen naiz. Agian noizbait animatuko naiz gauza luzeagoak euskaraz idazten baina ideia konplexuagoak adierazteko hobeto moldatzen naiz gaztelaniaz. Era berean, idazleak idazten duen aldiro kontuan hartu behar du zer irakurlego duen aurrean. Jakina da El Correon idaztean Deian edo Garan baino jende askok irakurriko zaituela. Jakin nahiko nuke Deian eta Garan zenbat irakurlek irakurtzen dituzten euskarazko artikuluak.

Zientza eta Teknologia arloko Euskadi Saria irabazi zenuenean esan zenuen “matematikek errealitatea adierazteko zehaztasun handia dutela”. Matematikak baliatzen dituzu bestelako gaien gaineko iritziak ematean?

Matematikari garenok geure muina matematikaren bidez antolatzen dugu. Matematikak hainbat prozesu aztertzeko orduan erabiltzen ditugu, bai naturan, bai medikuntzan, bai industrian, eta gizarte prozesuak aztertzean ezin ditugu alboratu. Euskararen egoera eta bilakaera oso gai zientifikoa da. Euskararen gorabeherak ezin ditugu bakarrik azaldu esanez ‘jendeak ez daki’, zeren orain jendeak baitaki. Zergatik ez du erabiltzen? Bakoitzaren erabaki bat da? Joera bat? Edo badago gizartearengan prozesu bat eredu matematikoen bidez azter daitekeena?  Ni ez naiz politikan edo soziologian trebea eta nire balio gehigarria izan daiteke matematikari baten ikuspegitik idazten dudala.

2_2_2Zer ekarpen egin diezaieken matematikak beste arloei?

 Adibidez, Turnpike teoriak, autobideen teoriak, azaltzen du zein den estrategia onena epe luzeko proiektu bat kudeatzeko eta hori erraz estrapolatzen da hirigintzan, politikan edo ekonomian. Beste adibide bat, Espainia euroan sartu orduko erabaki zen Espainia Europako parametroekin kudeatzea eta horrela lortu zen Espainiako parametroak Europako herriekin parekatzea. Matematikek edozein arlotan balio dute baina politikan aplikatzean helburu argia izan behar da.

…..

Gaur adibidez, Boulevard saioan Oihana Ariztondorekin egon naiz. Oihanak matematika eta estatistika pobrezia aztertzeko erabiltzen ditu eta berak esaten zuen krisialdian guztiok sumatzen dugula pobrezia handitu egin dela. Hori horrela dela ikusteko zifrak oso ondo aztertu behar dira zeren parametro batzuen arabera pobrezia gutxitu egin dela eman baitezake. Egun, esaten da langabezia jaitsi dela baina begiratu beharko genuke kontratuen kalitatea, soldatak, gazteen egonkortasuna… Matematika edozer prozesu kuantifikatzeko edo kudeatzeko beharrezkoa dela nolabait printzipio unibertsal bat da.

Eusko Jaurlaritzak eginiko azterketa batek berriki esan du ikasleen matematika, euskararekin batera, mailek behera egin dutela. Zailak dira matematikak? Zaila da euskara?

Euskara zaila den edo ez galdera ona da, agian bai dauka berezko zailtasuna. Teknikan ingelesa gaztelania baino gehiago erabiltzen da bere sintaxiak malgutasun bat duelako eta termino batzuk trinkoagoak direlako. Aurrekoan ikasleei esaten nien “feedback” ingeleseko hitza gaztelaniaz “mecanismo de retroalimentación” esaten dela.

Horrek ingelesa hizkuntza erraza bihurtzen du?

Hizkuntza bakoitzak duen zailtasuna ez dakit neurtzen baina badirudi nolabait gizakiaren historian berezko zailtasunek zerikusia izan dutela hizkuntza batzuek gora eta behera jo zezaten. Ingelesez ez dago azenturik, frantsesez hiru daude eta dieresiak ere bai, beraz ingelesean ardura hori gainetik kentzen da. Halere, orain dela ehun urte zientzia asko alemanez edo frantsesez idazten zen. Agian berrehun urte barru txinatarrez idatziko da eta Europa txikituta geratuko da zientzia mundu horretan.

Zein da euskararen rola zientzian?

 Nik euskara zientifikoa Leioan ikasi nuen orduan sortu berria zen Euskara Zientifiko irakasle taldearekin eta argi dago tresna guztiz baliagarria dela zientzia arloan, baina euskararen sintaxia inguruko hizkuntzetatik urrun dago.

3Eta matematikak? Zergatik esaten da zailak direla?

Matematikek badute parte mekaniko bat, batuketak, biderketak eta zenbakiak ikasten ditugunean, baina laster abstrakzio maila batera pasatzen da eta txikitatik ikusten da ume batzuk matematiketatik orduan urruntzen direla. Matematiken arazoa hori izan da. Gainera, geure gizarte eta mundua matematiketan oinarrituta dago, guztia matematiken bidez antolatuta dago. Imajina ezazu matematikarik ez balitz zelan kudeatu gaurko hegaldi guztiak, ordutegiak, Interneten bidezko komunikazioak eta abar… Zenbakiak menperatu gabe oso zaila da banku kontu bat edo telefono agenda bat kudeatzea.

Matematikak berezko zailtasuna dauka baina ez dut uste beste arlo batzuk baino zailagoa denik. Biolina ondo jotzea edo poeta ona izatea ez da erraza, baina hori ez da eskatzen eguneroko bizitzan. Matematikarekin daukagun auzia horretan datza: ez da berez beste arlo batzuk baino zailagoa baina matematika maila behar da.

Horregatik du hain itzal txarra?

Denok pasa behar gara leihatila horretatik eta beste arloetan bezala erraztasuna eta gogoko dutenak oso kopurua txikia dira, beraz beste guztiak gogo handirik gabe eta nekaturik pasatzen dira.

Dibulgazioak lagun dezake matematiken itzal txarra arintzen? Zabalkuntza nahikoa dute matematikek?

Dibulgazioan asko aurreratu dugu azken urteotan. Zientziaren zabalkuntzan eta matematikaren zabalkuntzan lan asko egin da urte hauetan bereziki Euskal Herrian. Leioako taldeak (Raúl Ibañez, Marta Macho…) lan handia egin du interneten, egunkarietan, hedabideetan. Ni ere horretan pixka bat ere aritu izan naiz eta uste dut horrek laguntzen duela zeren jendea konturatzen baita matematika erabilgarria dela, ez dela gauza arraro bat pertsona oso bitxientzat; baizik eta edonon dagoela: garraioa antolatzeko orduan, autoen formak diseinatzeko orduan, telefonoa diseinatzeko orduan, edo interneten. Matematika edonon dagoela jakitean jendeak hurbiltasun gehiago sentitzen du, itzal hori agian pixka bat amatatu egiten da horrekin. Noski, horrek ez du esan nahi gero matematika ikasteko orduan bakoitzak izango duen zailtasuna horrekin gaindituta dagoela, baina bai gutxienez jendeak lehen matematikarekiko zuen distantzia handi hori txikitzen duela, sinpatia areagotzen duela eta hori inportantea da.

Oraindik orain, European Research Councilek (ERC) ikerketarako bekak iragarri berri ditu. Espainian 12 irabazle egon dira eta Enrike Zuazua horietako bat da. Bi miloi euroko beka jaso du DyCon proiektua bost urtez garatzeko. Zertan datza zeure proiektua?

Gure proiektuaren izena “Dynamic Control” da: kontrol dinamikoa euskaraz. Mugimendurik ez balego, ez legoke bizirik eta dinamika mugitzen den guztia da (sateliteak, ura, planetak, pertsonak, ilargia, eguzkia…). Gure planeta mugimendua da: gure neuronak komunikatzen dira, jendearen arteko harremanak mugimendua da, hitzen mugimendua eta abar… Aitzineko grekoetatik gaur arte matematikaren sistema dinamikoen bidez mugimendua aztertzen da eta mugimendua aztertzeaz gain, eguneroko prozesuen kontrola eta kudeaketa ere jorratu behar da. Adibidez, etxeko termostatoak etxeko tenperatura kudeatzen du. Etxea 20 graduetan mantentzea nahi badugu eta ez dugu zertan piztu edo amatatu sentsore batek automatikoki neurtzen baitu zer nolako tenperatura dagoen eta tenperatura gainetik edo azpitik dagoenean du elikatzen aire bero edo hotzarekin guk aukeratu dugun tenperaturaren inguruan mantendu dadin.

Nondik helduko diozue proiektuari?

Azken urteotan aplikazio bi jorratu ditugu: aeronautikan, hegazkinen formaren diseinuan sortzen diren arazo batzuk aztertzeko eta uraren eta baliabide naturalen kudeaketan sortzen direnak. Adibide hauetan ikusten da dinamika bietan dagoela. Hegazkina mugitzen da, airea hegazkinaren inguruan mugitzen da eta kontrolatu behar da bidaia erosoa eta egonkorra izan dadin. Ura eta airea mugitu egiten dira eta kontrolatu behar ditugu urak behar diren lekuetara eramateko, kudeatu eta garbitzeko.

Matematikarion lana askotan munduko gaietan inspiratuta dago baina eredu matematikoetan jorratuak. Gai eta galderak matematiken hizkuntzan idatziak direnean askoz hobeto ulertzen dira zeintzuk diren erantzunak eta erantzunak topatuz gero, baliagarritasun unibertsala lortzen dute. Adibidez, Jokoen Teoria oreka ekonomikoa aztertzeko landu eta uztartu zen baina egun edozertarako balio du: gatazka belikoak edo eleaniztasuna aztertzeko, immigrazioa… Nahiz eta hasiera baten ekonomiatik zetorren gai bat izan, matematizatu egin zen eta erantzunek ez zuten balio izan bakarrik hasierako gaiari erantzuteko; baizik eta beste hainbat arlotan aplikagarriak izan ziren.

4_4Mundua matematiken bidez deszifra edo irudika daiteke?

Zientziaren helburua hori da pixka bat. Matematikak greko zaharrean “ezagutu ahal dena” esan nahi zuen. Gaur zenbakiz eta ikurrez beteriko zientzia bat da baina greko eta aitzineko zibilizazioen garaian ezagutzaren arlo guztiak lotuta zeuden eta gero zabalduz eta banatuz joan ziren. Filosofia, astronomia edo logika matematiketatik atera ziren eta gaur diziplina berriak hazten ikusten ditugu: antropologia soziologiaren sardea da.

Azken asteotan euskal prentsan hainbat artikulu agertu dira Enrike Zuazuaren itzulera eskatzen. Noiz Zuazua Euskal Herrian?

Ahal bezain pronto. Begira, nik Leioan ikasi nuen eta irakasle bikainak izan nituen baina beraien gomendioz Parisera joan nintzen doktoretza egitera, Leioan ez zegoelako doktoretza programa sendo bat. Parisen nengoela, bukatu nuen tesia eta baneukan hona hurbiltzeko gogoa baina Madrilgo Unibertsitate Autonomoan suertatu ziren plazak eta 20 urtez han egin nuen ibilbidea. Joaten zarenean zaila da etortzea baina Ibarretxe lehendakaria zelarik, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroa sortzeko Ikerbasque Fundazioak bizi guztirako ikerlari kontratua eskeini zidan. Dena utzi eta hona etorri ginen inolako dudarik gabe. Zoritxarrez, duela urtebete Ikerbasquek neure kontratua eten zuen eta eta zazpi urte hemen egin ondoren Madrilera bueltatu behar izan naiz. Neure familia Bilbon geratu da garaian neure emazteak Madrileko lana utzi zuelako Bilbora etortzeko. Ez dugu ulertu. BCAM eta Ikerbasquen lan bikaina burutu ondoren gure familia apurtu eta ni Madrilera bueltatu behar izana… Madrilen oso pozik onartu naute baita, baina beraiek ere ez dute ulertu euskal politika zientifikoaren arduradunen erabaki oso berezi eta bortitz hau. Oso gustura nengoen Bilbon baina euskal zientziaren kudeatzaileen asmoak aldatu dira. Hala ere neure Ikerbasque kontratua errespetatzea espero nuen. Ez da horrela izan.

Ruper Ordorikaren abesti famatuak dioen bezala: “Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den, hobe nuela hautatzea munduko hiritar izatea”.

Zergatik?

Ikerbasqueren erabakia izan zen. Hemengo ikerlariak zaintzeko eta kanpotarrak erakartzeko sortu zen fundazioa Ibarretxe garaian, baina badirudi Ikerbasquen arduradunen iritziz nik ez nuela merezi bertan geratzea eta neure kontratua eten zuten. Agian Ruper Ordorikak bere abestian azaltzen duen kontua izango da?

Hemen ez nuen topatzen behar nituen baldintzak eta giroa lan egiteko. ERCko proiektuak banatu dira eta kontuan hartu Europan arlo guztietan 250 miloi euro eman badira, laurdena Erresuma Batura joan dela eta Espainiara 12 miloi euro baino ez (Euskal Herrira zero, Ikerbasquek ez zuelako neure proiektua aurkeztu nahi izan). Zientzia beti ibiltzen da gune aproposen bila proiektuak garatzeko. Ez da erraza, hala ere, nik esperantza daukat Dycon proiektua Euskal Herrira ekartzeko. Euskaltzalea naizen aldetik, neure asmoa beti izan da neure lana Euskal Herrian garatzea. Egoera aldatzen ari da eta oraindik goiz da gai izango garen ala ez jakiteko.

Epe laburrean posible ikusten duzu itzultzea?

Proiektu hauek abantaila bat dute: baliabide ugari ekartzen dituzte. DyCon proiektua garatzeko bi miloi euro eman dizkigute eta horrek gauzak errazten ditu. Halere, ikerketa gune bat, kudeaketa egoera egonkor bat eta instituzioetako zuzendarien bisioa adostea beharrezkoa da. Proiektu zientifiko-matematikoa nahiko zehatza da baina gauzak ez dira egiten bost urtez gero bertan-behera botatzeko. BCAMren alde apustu bat egin zen, apustu hori gauzatu zen eta orain Euskal Herriak badu matematika aplikatutako zentro bat. DyCon proiektuarekin gauza bera egin nahiko nuke: bost urteko esfortzua egin, proiektua bete eta etorkizunera begira lan taldeak aurrera jarrai dezala. Proiektuak gehien bat gazteentzako baliabideak ematen ditu (bekak, kontratuak…) eta komenigarria litzateke proiektu horretara erakarriak izango diren gazteek etorkizun bat izatea.

Baikor zara, orduan.

Baikorra naiz. Nahiz eta momentu honetan euskal administrazioa, bereziki Ikerbasqueren erabaki ulergaitzaren ondoren, ez dagoen nirekin proiektu berriak jorratzeko gogoz, espero dut proiektua ekarri ahal izango dugula eta datorren urtetik aurrera izango dugun gobernu berriarekin proiektu horri forma pixka bat gehiago emateko aukera izan eta, lehen esan dudan bezala, etorkizun hori sustatzea, gehien bat gazteei, eta bereziki gazte euskaldunei, aukera horiek zabaldu ahal izateko. Azken batean, Madrileko UAMeko katedraduna naiz eta beti izango dut han nire txokoa, han inoiz ez baitute neure balioa zalantzan jarri, baina gaur egun gazteak askoz ere zailtasun gehiago dituzte txoko horiek sortzeko. Guk DyCon Euskal Herrian garatu nahi dugu proiektuak emango dituen fruituek bost urte ondoren hemen jarrai dezaten.

Esta entrevista fue publicada originalmente en la revista digital URIOLA y puede leerse en este enlace.