Urte hasierarekin batera berri ona jaso zuen Enrike Zuazua Iriondo eibartarrak. Madrilgo Unibertsitate Autonomoan klaseak ematen duen matematikariak 2006ko Zientzia eta Teknologia Euskadi Saria eskuratu du, deribatu partzialetako ekuazioen teorian egindako lanarengatik. Matematikako teoriek paper gainean zenbakiak eta letrak egitea baino askoz garrantzitsuagoak direla argi laga digu irakasle eta ikertzaileak, gure eguneroko bizitzan modu zuzenean eragiten duten gauza askotan aplikatzen dira-eta.
(…) Egia esan, gaur egungo injeniaritza, zientzia eta teknika guztietako mekanismo gehienek badaukate kontrolaren aspektoren bat, automatizazioaren beharra eta abar. Horretaz arduratzen den matematikaren arloa kontrolaren teoría da eta horretan lan egin izan dut luzaroan. Azken urteotan gauza guzti horiek aplikatu izan ditugu INTAko (Instituto Nacional de Tecnica Aerosespacial) kideek eta nik. 20 urtetan teorikoki egin dut lan, artikuluak, papera eta arkatza erabilita, eta oso pozgarria izan da lan horretatik ateratako ideia batzuk injenieritzaren arloan gauza oso praktikoak egiten ari diren talde batzuentzat erabilgarriak izatea. Niretzat gauza berria da eta honetan oso modestoa izan nahi dut, lanean diharduen jende bati aholkua ematea izan da nire aportazioa, ez naiz ekintzailea izan. (…)
Elkarrizketa osoa irakur dezakezu, Eta Kitto! aldizkarian eta lotura honetatik deskarga daiteke (PDF).